CAFek tranbia gehiago hornituko dizkie De Lijn Belgikako operadoreari eta Holandako Utrecht probintziari dagoeneko indarrean dauden kontratuen arabera. Lan horien guztizko zenbatekoa 45 milioi euro ingurukoa izango da.
Flandriako Garraio Konpainiak, De Lijnek (Belgika), unitateen lote berriaren erosketa onartu du CAFekin 2017ko urrian sinatutako kontratuaren baitan. Hala, unitate kopurua beste 17 tranbiatan handituko du. De Lijn da autobusen eta tranbien Flandriako operadore publikoa eta urtero 530 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu.
Hasierako kontratuak 146 tranbia arteko kopurua fabrikatzea eta hornitzea jasotzen zuen; izan ere, ondoz ondoko loteen bidez bezeroak aktibatzen ditu horiek. Handitze honen aurretik, lehen bi loteak (bakoitza 24 tranbiakoa) 2017ko urrian aktibatu zituzten kontratua sinatu zutenean; aldiz, beste 23 unitate jasotzen dituen hirugarren lotea 2019ko martxoan jarri zuten abian. Lehen 48 unitateek Belgikako kostaldeko linean eskainiko dute zerbitzua; aldiz, hirugarren eta laugarren loteetako tranbiek Anberes hirian emango dute zerbitzua 2022. urtearen bigarren erditik aurrera.
Bestalde, Utrecht (Herbehereak) probintziak eta CAFek beste 5 tranbia fabrikatzeko eta hornitzeko akordioa itxi dute eta tranbia horiek 2015earen hasieran esleitutako kontratuaren baitan CAF gaur egun hornitzen ari den 49 unitateei gehituko zaizkie.
CAFen tranbia-flota berri horren zati bat dagoeneko zerbitzua ematen ari da 2019ko amaieran inauguratu zuten Uithoflijn linea berrian. Bestalde, gainerakoak orain arte Nieuwegeineko linean operatu duten 30 urte baino gehiagoko ibilgailuak ordezkatzeko baliatuko dituzte. Horren guztiaren helburua zerbitzua hobetzea eta bi linea horietan bidaiarien kopurua handitzea izango da.
Azken urteotan, CAFek kontratu esanguratsuak lortu ditu Beneluxen eta horien artean, lehen aipatutako horiez gain, honako hauek aipatu behar ditugu: Bruselarako hornitutako metrounitateak, Amsterdamerako metro-unitateak eta tranbia eta Luxenburgo eta Lieja hirietarako tranbiak. Gainera, CAF Holandako NS operadorearentzat (Nederlandse Spoorwegen) aldiriko 206 tren hornitzen ari da. Hain zuzen ere, horixe izan da CAFi Europan orain arte esleitu dioten kontratu handienetako bat.
CAF Signalling-i Adif-entzako beste kontratu bat esleitu diote
CAF Taldeak, CAF Signalling filialaren bidez, Espainiako seinaleztapenaren sektorean duen posizioa sendotu du duela gutxi ADIFek esleitu dion obra-kontratuari esker. Horren arabera, Valentziako aldiriko sareko (C-1) Silla-Cullera-Gandía ibilbideko segurtasuneko instalazioak berritu eta hobetuko ditu. Lanen gutxi gorabeherako zenbatekoa 20 milioi eurokoa da eta lanak gauzatzeko epea, aldiz, 18 hilabetekoa.
Egin beharreko lanek Silla eta Cullera artean Blokeo Automatiko Banalizatuko (BAB) sistema abian jartzeko beharrezko segurtasuneko eta komunikazioetako instalazioen ekipamendua zein Cullera-Gandía ibilbidean instalazioen berritzea jasotzen dute.
Proiektuaren irismenaren barruan, CAF Signallingek belaunaldi berriko Quasar Q4 katigamenduak instalatuko ditu, landako elementuak (seinaleak, motorrak eta ardatzen kontagailuen bidezko detekzio-sistemak) berrituko ditu eta trena babesteko sistema, ASFA Digital, instalatuko du. Horren baitan, etorkizunean ERTMS sistemaren 2. maila txertatzeko soluzioa proiektatuko du.
Jarduera horiek guztiak Valentziako Komunitatearen Aldiriko Planaren baitan aurrez ikusitako inbertsioetan daude sartuta.
.