CAFek beste kontratu bat sinatu du Trivia Trens SArekin (Brasilgo Comporte taldearen baitako enpresa pribatua), São Paulo Estatuko trenbide-sareko 11-Coral, 12-Safira eta 13-Jade aldiriko trenetan dabiltzan 107 tren elektrikoen mantentze-lan integrala egiteko. Lan horiek lagundutako merkataritza-operazioa hasten (2026ko uztailerako aurrez ikusita dago) duenetik aurrera egingo ditu. Hitzarmenak 24 urteko iraupena eta 500 milioi euro inguruko bolumena izango du. Hori dela eta, CAFek orain arte lortutako zerbitzu-kontratu handienetako bat izango da, eta konpainiak Brasilen tren-zerbitzuetan duen lidergoa sendotu du.
Kontratuaren irismenean, CAFek fabrikatutako unitatez osatutako flota baten mantentzelanak egitea dago jasota. Gainera, kontratuarekin lotuta, flota CAFen LeadMind plataforma digitalarekin ekipatuko da. Plataforma trenen errendimendua maximizatzeko diseinatuta dago. Soluzio horri esker, parametro kritikoak denbora errealean monitoriza daitezke, egoera bakoitzean eta analisi prediktiboan oinarritutako mantentze-lanen adierazleak aplika daitezke, eta, hala, unitateetan beharrezkoak diren esku-hartzeen plangintza optimizatu eta material gurpilduna eskuragarriago dagoela ziurtatzen da.
11-Coral, 12-Safira eta 13-Jade lineek trenbideko 100 kilometro baino gehiago dituzte eta egunean 800.000 pertsona ingururi ematen diete zerbitzua hiri nagusi hauetan: São Paulo, Guarulhos, Mogi das Cruzes, Poá, Suzano, Ferraz de Vasconcelos eta Itaquaquecetuba, besteak beste. Mantentze-lan integral horrek zerbitzuaren eraginkortasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna bermatuko ditu São Pauloko metropoli eskualdeko milioika erabiltzailerentzat.
Kontratu horrekin, mugarria lortu du CAFek Brasilen; izan ere, bidaiarientzako kotxeen mantentze-lanetako enpresa nagusi gisa zuen posizioa berretsi eta epe luzera begirako jarraipena bermatu du. CAF Brasilen 1998tik ari da lanean eta Brasilgo hainbat operadorerentzako hornikuntzako eta mantentze-lanetako proiektuak garatu ditu: São Pauloko CPTM (Companhia Paulista de Trens Metropolitanos), Metrô de São Paulo, CBTU Recife eta Belo Horizonte hirietan, eta TRENSURB Porto Alegreko metropoli-eskualdean. Horien guztien balioa 3.000 milioi euro ingurukoa da.
Hala, CAFek zerbitzuen alorrean egindako apustu sendoa indartu du. Negozio horrek 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu gaur egun 20 herrialdetan, 12.000 kotxe ingururen mantentze-lanak egiten ditu, eta 4.000 langile baino gehiago biltzen ditu. Horren erakusgarri da enpresak zerbitzuen arloan aurten izandako kontratazio maila ona; izan ere, kontratu ugari itxi ditu hainbat lekutan. Horien artean, Europan, Northernen frankiziarako (Erresuma Batua) kontratua eta Triesteko eta Sardiniako flotetarako (Italia) berrikuspen orokorren kontratuak nabarmendu ditzakegu. Latam merkatuan, honako hauek dira aipagarrienak: Metro Quito, Metro Medellin eta Brasilgo aldiriko eta metroko floten operadoreentzako kontratuak. Munduko gainerako tokiei dagokienez, Houstoneko tranbiarako zerbitzu-hitzarmenak eta Auckland hirian (Zeelanda Berria) zerbitzua ematen duten aldiriko trenen mantentze-lanak azpimarratu behar dira.
.