Eduki nagusira joan

Beste bi arrakasta komertzial lortu ditu CAF-ek Frantzian

CAFek beste bi kontratu lortu ditu Frantzian eta horien balioa, batera, 300 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Horrek Frantziako tren-merkatuan duen presentzia sendotu du. Alde batetik, Syndicat Mixte des Mobilités de L’Aire Grenobloisek -SMMAG- (Grenoble Eremuko Mugikortasuneko Sindikatu Mistoa) Urbos modeloko 38 tranbia esleitu dizkio CAFi eta kontratua beste 9 tranbiarekin handitzeko aukera ere jasotzen du. Bestalde, Borgoina- Franche-Comté eskualdeak enpresan duen konfiantza agerian utzi eta CAF-Alstom kontsortzioari Coradia Polyvalent modeloko 14 eskualdeko treneko beste eskari bat esleitu dio. Kontsortzio-itun hori CAFek 2022an Reichshoffeneko lantegia erosi ostean CAFen eta Alstomen artean sinatutako eta oraindik ere indarrean dauden akordioen ondorio da eta, horien bidez, CAFek egingo ditu plataforma horren unitateen diseinu- eta fabrikazio-lanak. Aldiz, Alstomek ekipoen zati bat hornituko du.

Tranvia_Besancon.jpg


38 tranbiaren hornikuntza Frantziako Grenoble hirirako

38 Urbos tranbia hornitzeko SMMAGekin sinatutako kontratua CAFek Frantzian lortutako beste arrakasta bat izan da. Gainera, kontratua beste 9 tranbiatan handitzeko aukera ere jasotzen du itunak. Unitateek gaur egun martxan dauden tranbiak ordezkatuko dituzte pixkanaka 2028tik aurrera, SMMAG operadorearen estrategia globalari erantzunez. Estrategia horren helburu nagusia eskaintza gero eta dinamikoagoa eta erabiltzaileen beharretara egokituta dagoena jartzea da.

Grenoble hiriko (Frantziako Alpeetako hiriburu gisa da ezaguna) etorkizuneko tranbiek CAFen Urbos tranbia-plataformaren teknologiarik aurreratuena izango dute. Ibilgailu horrek agerian utzi du bere fidagarritasuna, eta dagoeneko mundu osoko 50 hiri inguruko garraiooperadoreak konbentzitu ditu. Kontratu berri hori konpainia gaur egun Marseilla, Montpellier eta Tours hirietarako garatzen ari den tranbia-kontratuei gehitu behar zaie.

Grenoblerako etorkizuneko unitateen ezaugarriak bere metropoli eremuaren behar espezifikoetara egokitzen dira, irisgarritasunari, edukiera handiagoari, erosotasunari eta optimizazio operatiboari dagokienez. Tranbiak erabat klimatizatuak eta % 100ean zoru baxukoak izango dira, eta 281 bidaiari garraiatzeko edukiera izango dute (eserita joango diren 82 bidaiariak barne), eta mugikortasun urriko pertsonei eta gurpil-aulkien erabiltzaileei sarbidea eta zirkulazioa erraztuko diete. Gainera, sarbide bikoitzeko 12 ate izango dituzte, eta horrek geltokietako igo eta jaisteko denborak murriztuko ditu. CAFek Bagnères-de- Bigorren duen lantegian egingo dira tranbiak.

Coradia Polyvalent modeloko 14 eskualdeko tren Borgoina-Franche-Comté eskualderako

Bestalde, Coradia Polyvalent plataforma eskualdeko garraioaren garapenari lotuta dago, plataforma horrek arkitekturan eta motorizazioan eta barne-diseinuan eskaintzen duen modularitateari esker. Orain arte, Frantziako eskualdeek mota horretako 450 tren inguru enkargatu dituzte, eta horietatik 400 zerbitzu komertzialean daude, fidagarritasun eta erabilgarritasun handiarekin. Zehazki, Borgoina-Franche-Comté eskualderako eskualdeko tren berriek 48 treneko egungo flota osatuko dute.

Eskaera berri honek 6 kotxeko (bakoitzak) 5 Intercités elektriko biltzen ditu (355 bidaiarirentzako edukiera dute, eserita), eta 4 kotxeko (bakoitzak) 9 TER bi-modo tren, (228 eserlekurekin). Tren horiek erosotasun maila handia eskaintzen diete bidaiariei honako hauei esker: leiho zabalak, zeharkako LED barruko argiztapena, beso-euskarriz hornitutako eserlekuak, irakurtzeko argiak eta entxufea. Mugikortasun urriko pertsonekin (PMR, gaztelaniaz) lotutako estandar maximoak betetzeko, komunetako eremu zabalagoa eta mugikortasun urriko pertsonen joan-etorriak errazteko instalazioak eskaintzen dituzte. Gainera, TER modeloko bederatzi trenen kasuan, aukera espezifikoekin ekipatuta (aparkatzeko balazta gehigarri bat) eta ETCSrako (European Train Control System) prestatuak egongo dira. Kasu horretan, Coradia Polyvalent trenak CAFek Reichshoffen (Alsazia) duen lantegian diseinatu eta fabrikatuko dira.

Coradia Polyvalent copyright CAF_R.Mouron.jpg


CAFek Frantzian egindako apustua: hazten eta eraldatzen ari diren bi lantegi industrial

2019tik, CAF funtsezko eragilea da Frantziako trengintza arloan bere arrakasta komertzialei eta konpromiso industrialari esker. Bi eskaera berri horiek neurrira prestatutako industriaestrategia berretsi dute, eta helburu espezifiko bat esleitu diete Frantziako bi lantegietako bakoitzari.

Gaur egun, Bagnèreseko lantegia da tranbia eta tren laburrak (50 metroz azpikoak) fabrikatzeko CAFek Frantzian duen espezializazio-zentroa. Reichshoffen lantegia, berriz, 50 metrotik gorako tren luzeetarako erabiltzen da batez ere. Azpimarratzekoa da 2022. urteaz geroztik CAFek urtean 10 milioi euro inguru inbertitu dituela bi instalazioak modernizatzeko eta handitzeko, bezeroen behar zorrotzenak asetzeko.

Gaur egun, CAF Taldeak Frantziako merkatuko produktu-gama zabalenetako bat du: Intercités trenetatik hasi eta zero isuriko autobusetaraino, RER, tranbiak eta metroak barne. Horrek guztiak indartu eta jarraipena ematen dio CAFen presentziari, herrialdean duen eskaera-zorro handia are gehiago ugarituz. Horri guztiari esker, hurrengo urteotara begira enpresaren merkatu nagusietako bat bihurtu da. Era berean, eskaera horiek sendotu egin dute Frantziako lantegietarako industria-kargen plana, eta CAFek Frantziako garraio publikoko garapenerako tokiko, eskualdeko eta Estatu mailako agintaritza publikoen epe luzerako erreferentziazko enpresa eta bazkide gisa betetzen duen posizioa indartu dute kontratuek. Horrekin lotuta, gogoratu behar da Frantzia dela modu egonkor eta errepikakorrean tren arloko gurpildun materiala berritzen inbertsio gehien egiten duen munduko herrialdeetako bat.

.