Berliner Verkehrsbetriebek (BVG), Berlin hiriko metro-, tranbia-, autobus- eta ferry-sareak kudeatzen dituen garraio publikoko enpresa nagusiak, autobus elektriko artikulatuen beste eskari bat adostu du Solarisekin, bi enpresen artean sinatutako eta indarrean zegoen esparru-akordioa oinarritzat hartuta. Solarisek 18 metroko 50 autobus elektrikoko lehen lotea entregatu ostean, Berlineko garraio-operadoreak antzeko beste 270 ibilgailu eskatu ditu. Eragiketaren bolumena 220 milioi euro baino gehiagokoa izango da eta, ondorioz, enpresaren historian egindako autobus elektrikoen eskari handienetako bat izango da.

Akordio horrek 2023ko abenduan egindako eskaria handituko du. Eskari hark Solarisen lehen 50 autobus artikulatuak jasotzen zituen eta haietako gehienak dagoeneko Alemaniako hiriburuko kaleetan zirkulazioan daude. BVGrekin hasiera batean sinatutako esparru akordioak 8 urteko epean gehienez 700 autobus elektriko hornitzeko aukera jasotzen zuen. Autobusak Solaris High Energy bateriekin ekipatuta egongo dira. Bestalde, ibilgailuak korronte-hargune estandarraren edo pantografoaren bidez kargatu ahal izango dira.
BVG operadoreak modu irmoan ekin dio bere flotak elektrifikatu eta azpiegiturak modernizatzeko erronkari. Europa osoko garraio publikoko operadore nagusiek gaur egun duten funtsezko helburua da, merkatuan erabilgarri dauden zero isuriko soluzio onenetan inbertituz. Eskari handi hori Solarisi esleitu izanak erakusten du BVGk ildo horretan egindako apustua, eta era horretako soluzioen hornitzaile gisa CAF Taldearengan duen konfiantza.
Orain arte, Solarisek zero isuriko 5.500 ibilgailu baino gehiago entregatu ditu, bateria eta hidrogeno bidezko autobusak eta trolebusak barne. 2012tik, enpresak beste edozein fabrikatzailek baino zero isuriko autobus gehiago entregatu ditu Europako hirietan. Hona hemen datu batzuk: 2024aren amaieran, Solarisen 3.074 ibilgailu zeuden funtzionamenduan; hau da, Europako errepideetan zirkulazioan zeuden zero isuriko autobus guztien ia % 14. 2024an bakarrik, Solarisek Europa osoko bezeroei 705 unitate entregatu zizkien.
CAFek Alemaniako autobusen merkatuan duen presentzia handiaz gain, ez dugu ahaztu behar enpresak trengintzaren arloan proiektu ugari garatu dituela azken urteotan herrialde hartan. Besteak beste, Friburgo, Essen, Bonn edo Hannover hirietarako tranbiak hornitu ditu eta Renania eskualdeko VRR eta NWL operadoreentzako baterien bidez propultsatutako 70 tren baino gehiagoko kontratu handia eskuratu du.