Eduki nagusira joan

CAF buru duen partzuergoak lortu du Napoliko metroaren 10. lineako proiektu integralaren esleipena, metroak automatikoki gidatzeko bere lehen proiektua

CAF buru duen partzuergoak (RTI) lortu du E.A.V. S.r.l. (Ente Autonomo Volturno S.r.l.), Italiako Campania eskualdeko garraio-operadorearen esleipena, 2. lotean. Kontratuaren xedea Napoliko metroaren 10. linea berriaren proiektu integrala gauzatzea da, metro-sistema automatikoaren diseinua eta ezarpena barne. Partzuergoan, CAFez gain enpresa hauek daude: AET S.r.l., Francesco Ventura Costruzioni Ferroviarie S.r.l., Mer Mec STE S.r.l. eta Leonardo S.p.A. Kontratuaren guztizko balioa, aurreikusitako aukera guztiekin, 630 milioi eurotik gorakoa izan daiteke, eta esleitutako hasierako oinarrizko fasea 259 milioi eurokoa izango da.

2. lotearen irismen osoak honako hauek hartzen ditu barne: CBTC/ATO GoA4 seinaleztapensistema, azpiestazio elektrikoak, katenaria, datu-sareak, telekomunikazioak, nasako ateak eta Kontrol Operatiboko Zentroa, % 100 automatikoak izango diren trenen flota berriaren hornidura, biltegi berrietarako lantegi-ekipoak eta horien mantentze integrala. CAFen INNEO plataforman oinarritutako metro-unitate horiek edukiera handiko 3 kotxez osatuta egongo dira, eta barneko nahiz kanpoko diseinu moderno eta berritzailea izango dute.

CAF Metro 1-3.jpg

Kontratua beste mugarri bat da CAFen historian, mugikortasun-proiektu integral gisa duen garrantziaz gain, konpainiak trenbide-seinaleen segmentuan etengabe egindako apustua berresten baitu. CAFentzat, metroen gidatze automatikoaren arloan duen lehen erreferentzia da hau; horrela, Mainline segmentuan —trenbide-sare orokorrean— bideko (trackside) eta treneko (on-board) seinaleztapen-soluzioen egungo eskaintza osatzen du. CAFen sistemak, OPTIO izenekoak, metro-sarearen funtzionamendua automatikoki gaituko du (GoA4), eta fidagarritasun handiagoa emango dio, eragiketaren automatizazioa handituko baitu. Horretarako, seinaleztapenaren arloan soluzio aurreratu bat aplikatuko da, segurtasuna eta eraginkortasuna bereizgarri dituena, eta hirirako mugikortasun-estandar berri bat ezarriko duena. 

Gogoan izan behar da GoA4 seinaleztapenak (Grade of Automation 4) trenetako automatizaziomailarik altuena adierazten duela. Maila horretan, kontrol-sistemak trena erabat autonomiaz gidatzen du, gidaririk eta ontziko langilerik gabe, eta sistema osoa kudeatzen du: gidaketa eta geldialdiak, larrialdi posibleak, ateen irekiera edo instalazioetako biltegietan egindako mugimenduak barne. Horrela, trenbide-sistema baten automatizazioaren adierazpen gorena da.

Sistema berriak, Afragola - Napoli LAN izenekoak (edo 10. linea), 12 kilometro inguruko luzera izango du guztira, eta hiriaren hiri-mugikortasunerako funtsezko ardatz bihurtuko da, Campania eskualdean, eta Mugikortasun Jasangarriko Hiri Planaren parte da. Plan horren helburua da Afragolako abiadura handiko geltokia Napoliko metropoli-sarearekin lotzea, eta, horrela, trenbide-sare nazionalarekiko lotura hobetzea.

CAFek ibilbide luzea du Italiako merkatuan

Proiektu hau beste urrats bat da CAF mugikortasun-soluzio integralen hornitzaile gisa sendotzeko, 2026ko Plan Estrategikoaren helburuen ildotik.

CAFek Italiako Estatuan duen ibilbidea 2000. urtean hasi zen, Erromarako metro-unitateen hornidurarako herrialdeko lehen proiektua abiatu zuen lehiaketan parte hartu zuenean. Ondorengo hainbat kontraturen bidez, Erromako A, B eta Roma-Lido lineetan gaur egun zerbitzuan dauden 70 metro-unitate baino gehiago hornitu ditu. Duela gutxi, CAFek beste 10 metro-unitate ere hornitu dizkio bezero berari, Ente Autonomo Volturnori; ibilgailu horiek gaur egun Piscinola/Aversa linean dabiltza, eta aurretik Comune di Napolik Napoliko Metroaren 1. lineari begira CAFi esleitutako beste 23 unitateei gehitu zaizkie.

Urte hauetan zehar, CAFek aldiriko eta eskualdeko trenak ere entregatu ditu Sardinia, Trieste eta Bari eskualdeetarako, eta, gaur egun, tranbiak hornitzen ari da Italiako hainbat hiritan, besteak beste, Erroma, Palermo eta Bolonian. Era berean, CAF Taldeak Italiako autobusmerkatuan duen presentziaren garrantzia azpimarratu behar da; izan ere, merkatu horretan lidergo-posizio argia du, eta 2.000 Solaris ibilgailutik gora dabiltza Bolonia, Venezia, Erroma, Genova, Cagliari, Milan edo Catania hirietan. Horien artean, ehuneko oso handia dira zero emisioko unitateak.

CAF Metro Nápoles-3.jpg
.