CAFek kontratua sinatu du Serbiako JSC “Srbijavoz” Estatuko tren-konpainiari aldiriko 30 unitate hornitzeko. Serbiako konpainia horrek kudeatzen ditu distantzia luzeko eta nazioarteko garraioak, eta hiri-inguruko sareko zerbitzuak ere kudeatzen ditu herrialdeko hiri nagusietan. Eragiketak unitateen mantentze integrala ere barne hartzen du 2 urtez, eta 300 milioi euro baino gehiagokoa da.
Belgradeko BG Voz hiri-inguruko sarean emango dute zerbitzua unitate berriek. Hauxe izango da CAFek Serbian lortutako bigarren tren-kontratua, 2009an hiribururako 30 tranbia diseinatzeko eta fabrikatzeko proiektua esleitu ondoren (egun, zerbitzu komertzialean dago).
Hauek CAFen Civity plataforman oinarritutako tren elektrikoak dira, joan-etorri eta eskualde zerbitzuetarako, bakoitzak 3 bagoi ditu eta 546 bidaiarientzako edukiera du (horietatik 204 eserita). Haien barruko diseinua, 6 eremu multifuntzionalekin eta 18 bizikleta arte gordetzeko lekua dutenak, operadore JSC “Srbijavoz"-ek bere jardueretan eskatuko dituen prestazio eta errendimendu eskakizun altuen arabera garatu da.
Moduluko unitate hauek, aluminio arinaren egituraren abantailak eskaintzen dituzte, eta 120 km/h-ko abiadurara arte funtzionatzeko diseinatuak daude. Haien garapena CAFen antzeko unitateetan duen esperientzia zabalean oinarritzen da; nazioarteko hainbat operatzaileri hornitu dizkie jada, erosotasuna, segurtasuna eta garraio-eraginkortasuna bermatzeko bereziki diseinatutako ezaugarriekin. Bagoi bakoitzeko bi bogie izateak unitateen mantentzelanak errazten ditu, baita hiri-sistemetan ohikoak diren geltokietako geldialdi maizetan azelerazio eta desazelerazio aldetik duten bizkortasuna ere, hau zerbitzu-maiztasunak optimizatzeko faktore gako bat izanik.
BG Voz sarea Belgradeko eta inguruko biztanleei zerbitzua ematen dien aldiriko trensistema da. Sare hori JKP Beogradski metro i voz enpresa publikoak operatzen du, eta Belgradeko erdigunea hiriburuko aldiriekin lotzen du Ovča, Batajnica eta Resnikeko geltoki terminaletatik. Hortik, hiriaren hegoaldean dauden Mladenovac eta Lazarevaceko gune aldenduenetaraino iristen da.
Serbiako hiriburuak 1,8 milioi biztanle inguru ditu metropoli eremuan eta, gaur egun, herrialdeko gune politiko, ekonomiko eta kultural nagusia da. Bestalde, hiriburua Belgradeko Hiri Garraioaren Plan Nagusia izeneko helburu handiko planean murgilduta dago eta plan horrek honako inbertsio hauek jasotzen ditu besteak beste: metro-linea berriak eraikitzea, BG Voz trenaren hiri-inguruko sarea hedatzea eta tren-flota berritzea.
Hain zuzen ere, tren berriak azken horretara bideratuko dituzte. Sistema horrek 35 geltoki ditu, eta lau linea nagusiren eta hiru linea osagarriren bidez ematen du zerbitzua, geltoki intermodal nagusiak lotuz. Geltoki horietan, hiriko beste garraiobide publiko batzuek funtzionatzen dute, hala nola tranbiek, autobusek eta trolebusek. CAFen flota berriak hiriinguruko garraioa hobetuko du. Horretarako, erabilera operatiboaren amaieratik hurbil dagoen material gurpildun zaharra ordezkatuko dute eta, besteak beste, hobekuntza hauek ekarriko ditu: zerbitzuaren kalitate hobea, flotaren gorabeherak murriztea eta trenen eskuragarritasuna handitzea.

.