SNCBk (Société Nationale des Chemins de fer Belges) Belgikako enpresak gaur egun kudeatzen duen unitateen parkea berrituko duen AM30 trenen flota berria diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko kontratua CAFi esleitu diola iragarri du. 180 treneko (54.000 plazatarako edukiera) oinarri-irismena duen esparru-akordioa da, eta 1.700 milioi euroko bolumena izango du. Etorkizunean, gainera, gehienez beste 380 unitaterekin (170.000 plazarako edukiera hornidura handitzeko aukerak aurrez ikusten dira).

(Erabakiari buruz SNCBk igorritako oharra atxiki da).
SNCB Belgikako tren-enpresa nazionala da, 1926an eratutakoa. Gaur egun, 17.000 langile baino gehiago ditu. Urtero 250 milioi bidaiari inguru garraiatzen ditu 3.700 kilometroko bere trenbide-sarean, eta InterCity eta eskualdeko tren-lineak operatzen ditu. Hala, Belgikako hiri eta eskualde nagusiak lotzen ditu, eta herrialdearen mugikortasunean funtsezko rola betetzen du.
Azkenik, azpimarratu beharrekoa da CAFek azken urteotan Beneluxen egindako ibilbide luzea. Kontratu garrantzitsuak lortu ditu eta, horien artean, besteak beste, hauek nabarmendu behar dira: Bruselarako metro-unitateak, Amsterdamerako metro- eta tranbia-unitateak eta Luxenburgo, Utrecht, Anberes eta Lieja hirietarako tranbiak. Ez ditugu ahaztu behar CAFek Herbehereetako NS (Nederlandse Spoorwegen) operadorearentzat hornitutako 200 aldiriko tren baino gehiago, ezta azken proiektuak ere, hala nola NSrentzat pisu bikoitzeko 60 unitate eta Herbehereetako QBuzz operadorearentzat 10 aldiriko tren. Autobusen negozioari dagokionez, Solarisen presentzia ere oso handia da. Hala, 550 autobus inguru hornitu dizkie Belgika, Herbehereak eta Luxenburgoko operadore nagusiei.
.