Eduki nagusira joan

CAF – Jerusalemgo proiektuarekin lotutako beste informazio garrantzitsu baten komunikazioa

Deskargak
Komunikazioa

Hurrengo euskarazko itzulpena Enpresak informazioa emateko baino ez du eskaintzen, Enpresaren webgunean eskuragarri dagoen eta gaztelaniaz idatzita dagoen jatorrizko dokumentu ofizialean oinarrituta. Euskarazko bertsioaren eta gaztelaniazko jatorrizko dokumentuaren arteko desadostasunen bat egonez gero, azken hau nagusituko da.

Balore Merkatuen eta Inbertsio Zerbitzuen 2023ko martxoaren 17ko 6/2023 Legeko 227. artikuluak eta araudi osagarriak xedatutakoa betez, Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles, SA (“CAF” edo “Sozietatea”) sozietateak Jerusalemgo tren arinaren proiektuarekin lotutako informazio garrantzitsu honen berri eman nahi du:

Hurrengo egunotan argitaratuko dute Nazio Batuen Goi Mandatariaren txostena. Txosten hau Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean aurkeztuko dute bertako 60. bilkura-aldiaren baitan. Bertan berrikusiko dute 2024ko abuztuaren 2ko (A/HRC/57/21) Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak (OHCHR, ingelesez) egindako urteko txostenean jasota dagoen zerrendako jardueretan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresen datu-basea, eta CAF bertan sartzea aurrez ikusita dago.

Halaxe jasotzen dute Goi Mandatariaren A/HRC/57/21 txostenak, organo berak egindako 2020ko otsailaren 28ko A/HRC/43/71 txostenak eta 2023ko ekainaren 30eko OHCHR-ren txostenak: “OHCHRk enpresek zerrendan jasotako jarduera batean edo gehiagotan parte hartzen duten jakiteko egiaztapen faktikoak egiteko agindua du, datu-basean gehitzeko edo handik kentzeko. Lan hori ez da prozesu judiziala edo kuasijudiziala, eta ez du prozesu judicial edo kuasijudizial bihurtzeko inolako helbururik. Era berean, ez du inolako kalifikazio juridikorik ezartzen zerrendan jasotako jardueretan, ez eta enpresek jarduera horietan duten partaidetzan ere”.

Jerusalemgo proiektua (“Proiektua”) 2019an esleitu zioten TransJerusalem J-Net Ltd. sozietateari. Sozietatea % 50ean Israelgo Shapir Civil & Marine Engineering Ltd (Shapir) eraikuntza-enpresak eta CAFek partaidetuta dago, eta Proiektuaren guztizko balioa 1.800 M€ ingurukoa da. Proiektuak Linea Berdea eraikitzeko lanak zein lehendik dagoen Linea Gorria zabaltzekoak biltzen ditu eta partzialki Ekialdeko Jerusalemdik igarotzen dira. Aurreikuspenen arabera, eraikuntza fasea 2027an amaituko da. Era berean, Proiektuak bi linea horiek 15 urtez operatzeko (25 urtera luzatzeko aukerarekin) eta 25 urtez beste sozietate baten bidez mantentzeko lanak biltzen ditu. Sozietate horretako partaideak, lehen bezalaxe, Shapir eta CAF dira % 50ean, eta jarduera 2021ean hasi zuen.

Aplikagarria den araudia betetzeaz gain, CAFek konpromiso irmoa du enpresa-etikarekin eta Giza Eskubideen errespetuarekin bere eragiketa guztietan, balio-katea barne, erantzukizun- eta gardentasun-estandar gorenetan oinarrituz. Horretarako, CAFek maila gorenean onartutako arau, prozedura eta sistema batzuk ditu, eta Compliance Sistema oso bat osatzen dute. Sistema hori Talde osoari aplikatzen zaio, bai eta CAFekin kontratuak sinatzen dituzten hirugarrenei ere, CAFen Barne Araudiaren Sistemaren, etikaren edo legearen kontrakoa izan daitekeen edozein jokabide prebenitzeko eta haren aurka jarduteko. Zehazki, Giza Eskubideei dagokienez, behar adinako arretari buruzko Politika espezifikoa du CAFek. Politika hori hainbat xehetasun prozeduratan garatzen da, eta jarduera eta harreman komertzial guztietan duen konpromiso etikoa indartzen du, mailarik gorenean.

CAFek ondo ezagutzen ditu Jerusalemgo Proiektuarekin lotutako inplikazio juridiko eta etiko konplexuak eta, bereziki, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari eta enpresen erantzukizunari dagokienez. Horrez gain, badaki oso garrantzitsua dela Giza Eskubideen babesa eta herritarrei, bereizketarik gabe, komunitate guztientzako funtsezko azpiegitura eskaintzearen arteko oreka arreta handiz zaintzea.

Horregatik, Proiektua gauzatzeko prozesuan, CAFek behar adinako arretarako neurri espezifikoak aplikatu ditu hiru intentsitate mailatan (orokorra, indartua eta areagotua) Nazio Batuek argitaratutako Gatazken Eraginpean dauden Testuinguruetarako Behar Adinako Arretaren Gidak ezarritakoaren arabera. Horren helburua da Giza Eskubideen aurkako edozein inpaktu identifikatzea, prebenitzea eta, halakorik balego, arintzea.

Proiektu horrekin lotutako kontratua sinatu aurretik hartutako lehen neurri gisa, , CAFek legeazterketa egin zuen, prestigio handiko aditu independenteei (Nazioarteko Eskubidearen arloko katedratikoak eta Nazio Batuetako adituak barne) egindako kontsulten bidez. Adituek berretsi zuten ez zegoela CAFek Proiektuan parte hartzetik eratorritako ez-betetzerik. Ondorio hori, halaber, Versailleseko Apelazio Auzitegiak Linea Gorriaren inguruan, hura zabaldu aurreko fasean, emandako epaiak babesten du. Izan ere, epaiak baztertu egin zuen Proiektuan parte hartu duten enpresek Nazioarteko Zuzenbidea urratzen dutenik. Bestalde, Espainian eskumena duen Administrazioko zerbitzu juridikoek baieztatu zuten Proiektua bat zetorrela nazioarteko legeriarekin, eta ez zuten inolako lege-eragozpenik aurkitu kontratua sinatu eta ondoren Proiektua gauzatzeko. Egiaztapen-lan horiek egin ostean, TransJerusalem J-Net Ltd. Sozietateak (orain CFIR Light Rail Ltd. izena du) emakida-kontratua sinatu zuen 2019ko irailaren 26an.

2020ko ekitaldian, Harremantarako Puntu Nazionalaren (ELGAren gidalerroak Aurrera eramateko Espainiako Gobernuak sortutako ministerioarteko kide anitzeko organoa) aurrean prozedura abiarazi zuten. Azken txostena 2022an igorri zuten eta ez zen bertan CAFen aldetik inolako legezko ez-betetzerik edo eskubideen urraketarik identifikatu.

Era berean, Proiektua gauzatu den bitartean, eta orain arte, CAFek gertutik jarraitu ditu nazioarteko hainbat erakundek emandako ebazpenak, eta kanpoko aholkulariekin eta aditu independenteekin alderatu ditu beti. Aholkulari eta aditu horiek hasierako aldeko ondorioei eusten diete, inolako aldaketarik gabe.

Bestalde, CAFek Proiektuaren arriskuen hasierako ebaluazioa eta ondorengo ebaluazio berriak egin ditu. Horien arabera, orain arte, ez da Giza Eskubideen urraketarik edo aurkako inpakturen bat gertatu denik identifikatu. Aitzitik, Jerusalemgo Proiektuak inpaktu positiboak sortzen ditu biztanleen artean eta hori guztia 2023an eta berriro ere, 2025eko uztailean, aditu independenteek egindako txostenen bidez berretsi da.

In situ egindako bisiten eta komunitate bateko eta besteko erabiltzaile eta ordezkariei egindako elkarrizketen ondoren egindako txosten horiek Jerusalemgo tranbiaren gizarte-onura nabarmentzen dute; izan ere, tranbia funtsezko zerbitzu publikoko azpiegitura da eta Giza Eskubideen betetzearen katalizatzailea da, besteak beste, mugitzeko askatasuna, enplegurako sarbidea, arreta medikoa, hezkuntza eta herritar guztientzako gurtza-lekuak, bereizketarik gabe, eta komunitate zaurgarrienei mesede berezia eginez. Horregatik guztiagatik, txostenek ondorioztatzen dute Proiektuak inpaktu positiboa duela, modu ez-diskriminatzailean, oinarrizko gizarte-zerbitzuetarako sarbidea eskaintzen duelako eta azpiegitura jasangarri eta ekologikoa ematen duelako.

Eskura ditugun mugikortasun-datuek erakusten dutenez, komunitate arabiarreko kideak dira tranbia gehien erabiltzen dutenak (horien erdiek baino gehiagok astean hirutan edo gehiagotan erabiltzen dute), eta, agentzia espezializatu batek aldizka egindako kalitate-inkesten arabera, gehienek zerbitzuarekiko asebetetze maila altuenak adierazi dituzte.

Sistemaren operazio eta mantentze lanak egiten dituen sozietateak kontratazio inklusiboko eta ez-diskriminatzaileko politika zorrotza betetzen du (langileen % 25 inguru dira arabiarrak). Gainera, berariazko neurriak hartzen ditu arrazoi etnikoengatik, azionalitateagatik, erlijioagatik edo beste edozein arrazoirengatik inor ez diskriminatzeko; horretarako, garraio-sistema edonorentzat irisgarria izatea eta kartelak eta seinaleak eleaniztunak (arabiera eta hebreera barne) izatea ziurtatzen du.

Lehen aipatutako txosten independenteek, gainera, honako hau nabarmendu dute: CAFek erantzukizun sozial korporatiboarekin eta jasangarritasunarekin lotutako nazioarteko estandar nagusiak zorrotz betetzen dituela eta Giza Eskubideekin lotutako Behar Adinako Arretaren oinarriak NBEren printzipio gidarien eta ELGAren irizpideen arabera betetzen dituela.

Jasotako inpaktu positiboek ere, eta inpaktu negatiborik ez hauteman izanak, orain arte Behar Adinako Arreta eraginkorra izan dela babesten dute. Edonola ere, betetze horren jarraipena etengabe egiten da.

CAFek, urtero, bere proiektuei aplikatutako behar adinako arretaren neurriei buruzko txostena egiten du Finantza arlokoa Ez den Informazio Egoeretan-Jasangarritasuneko Txostenetan, eta bereziki aipatzen ditu, atal espezifiko batean, Jerusalemgo Proiektuari buruzkoak. Informazio hori kanpoko egiaztatzaile independenteek aztertzen dute, eta orain arte emaitza onak izan ditu.

CAFek integritate, erantzukizun, eta gardentasun estandarrik handienekin jarduteko konpromisoari eusten dio, bai eta etikarekin eta Giza Eskubideekin zerikusia duen edozein gai materialen eta bere jarduera garatzen duen araudiaren lehentasunezko jarraipena egiten jarraitzeko konpromisoari ere.

Beasainen, 2025eko irailaren 25ean

.