Erresuma Batuan eta Kolonbian sinatutako zerbitzuetarako bi akordio horien bolumena 400 milioi euro ingurukoa da eta, horiei esker, treneko zerbitzuen negozioa haztearen alde CAFek egindako apustua baieztatu du. Hain zuzen ere, gaur egun, zerbitzuetako 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu 20 herrialde baino gehiagotan eta, hori guztia ahalbidetzeko, 4.000 langile inguru ditu.
CAFek Northernekin duen konpromisoa berritu du trenetako flota mantentzeko
Northern Trains Limited, Eversholt Rail Limited eta CAFek Britainia Handiko operadorearen treneko flotaren mantentze-lanak egiteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Sinatutako akordio horren arabera, mantentze-lanetako zerbitzuak emango ditu 10 urtez. Horrek Northernek eta Eversholt Railek CAFen esperientzian eta fidagarritasunean jarritako konfiantza berritu du.
Northern da Erresuma Batuko trenen bigarren enpresa operadore handiena. Operazioen sareak aldiriko eta distantzia ertaineko zerbitzuak biltzen ditu herrialdearen iparraldean, ekialdetik mendebaldera arte (iparraldean Newcastleraino, eta hegoaldean Nottinghameraino). Gaur egun, Northernek funtsezko zeregina du Erresuma Batuko tren bidezko garraioa egituratzeko garaian.
Sinatutako akordioaren arabera, CAFek euskarri tekniko integrala eskainiko du, hasierako zuzenketako mantentzea, ordezko piezen hornikuntza eta ekipo nagusien berrikusketa handiak barne. Lankidetza hori arrakasta handia izan duen laneko ereduaren jarraipena dela esan dezakegu. Northernek zuzeneko eskulana eskaintzen du mantentze-lanetako jarduerak egiteko eta, aldi berean, CAFek kudeaketa eta laguntza teknikoa, eta ordezko piezen eta zerbitzuen hornikuntza eskaintzen ditu. Bestalde, Eversholt Railek bi alderdiei emango die laguntza eskarmentu handiko diziplina anitzeko bere taldeari esker.
Kontratuaren xede den trenen flota 2018 eta 2020 artean hornitu zion CAFek Eversholt Raili, eta 101 trenek osatzen dute. Zehazki, 4 kotxeko 12 unitate elektriko, 3 kotxeko 31 unitate, 2 kotxeko 25 diesel-unitate eta 3 kotxeko 33 diesel-unitate dira. Hain zuzen ere, tren horiek zerbitzuan jarri zirenetik eskainitako operazioa ezinbestekoa izan da eskualdean treneko zerbitzua modernizatzeko eta eraginkor bihurtzeko.
Gainera, oso une garrantzitsuan sinatuko dute kontratu berri hau; izan ere, flota berrikusketa handiak egiteko zikloan sartzear dago. Northernek CAFek eskaintzen dituen zerbitzuetan konfiantza izaten jarraitzea erabaki du eta horrek sendotu egingo du harreman hori. Hain zuzen ere, azken urteotan agerian geratu da harremana eraginkorra izan dela trenen operatibitatea eta fidagarritasuna optimizatzeko.
Kontratu horri esker, CAFek Erresuma Batuan duen presentzia eta Britainia Handiko trenbideko garraioaren garapenarekiko konpromisoa sendotu ditu. Zalantzarik gabe, merkatuak garrantzi handia du enpresarentzat eta kontratuen kopuru handia garatu du bertan. Gaur egun, CAFek gutxi gorabehera 1.000 langile ditu herrialde hartan. Horrez gain, produkzio-instalazioak ditu Newport hirian, eta mantentze-lanetako zerbitzuak eskaintzen ditu Erresuma Batu osoan banatutako 14 biltegitan.
Ziklo luzeko mantentze-lanetarako kontratua Medellineko metroarekin
Bestalde, CAFek zerbitzuetarako kontratua adostu du Medellineko metroarekin bere flotako 38 unitatearen ziklo luzeko mantentzea egiteko. Unitateak CAFek ondoz ondoko hainbat kontratutan (2009tik aurrera) hornitutakoak dira.
Akordioak 25 trenen berrikusketa orokorra eta 13 trenen tarteko berrikusketa jasotzen du. Horrek guztiak Antioquiako hiriburuko tren-zerbitzuen fidagarritasunarekiko eta eraginkortasunarekiko CAFek bere gain hartutako konpromisoa berretsi du. 38 unitate horietako bakoitza hiru kotxek osatzen dute eta, gaur egun, Medellineko metropoli eremuko metro-sarean zirkulatzen dute. Hain zuzen ere, Kolonbiako hiriburuko hiri-mugikortasunerako ezinbesteko sistema da.
Akordio berri honi esker, Medellineko metroak CAFengan jarritako konfiantza sendotu egin dela esan dezakegu. Izan ere, aurreko urteetan ere bezero berarentzako mantentze-zerbitzu hori bera eskaini du. Gainera, Kolonbiako operadoreak azkenaldian CAFi esleitutako beste proiektu batzuei gehituko zaio. Horietako batzuk dira, adibidez, hauek: 2024. urtearen amaieran bere flotarako 13 tren berri fabrikatzeko eta bere parke mugikor osoa osatzen duten 80 nitateetarako TCMS sistema (trenaren kontrol- eta monitorizazio-sistema) berritzeko sinatutako kontratua.