Trenak mantentzeko bi kontratu berri dira eta horien guztizko balioa 100 milioi euro baino gehiagokoa izango da. Kontratu horien arabera, enpresak aurretik CAFek fabrikatutako eta hornitutako tren-floten mantentze-lanak egingo ditu. Hala, CAFek aurrera egin du trenen mantentze-lanen arloa bultzatzeko egindako apustuan. Gaur egun, sail horrek 20 herrialdetan zerbitzuetako 150 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu eta 11.600 kotxeren mantentze-lana egiten du. Lan horietarako, 4.000 langile baino gehiago ditu enpresak.

Sao Pauloko metroko 5. lineako unitateetan mantentze-lan integrala egiteko kontratua
CAFek Motiva taldeko (lehen CCR izena zuena) Sao Pauloko metroko 5. linea operatzen duen Brasilgo sozietate emakidadunarekin kontratua sinatu du. Akordioak 6 kotxeko 26 unitatetan 14 urtez mantentze integrala egitea jasotzen du. Unitate horiek Sao Pauloko metroak enpresari 2011n esleitu zion kontratu baitan CAFek hornitu zituenak dira. Lan horiek Capão Redondoko eta Guido Caloiko tailerretan egingo dituzte.
Unitateek Sao Paulo hiri jendetsuko metroko 5. linean (lila) ematen dute zerbitzua. Metrosistema osatzen duten sei lineetako bat da, eta 20 kilometroko luzera du. Linea horrek hiriko eremu garrantzitsuenetako batzuk lotzen ditu (hala nola Santo Amaro, Moema eta Vila Mariana) eta egunean 600.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen ditu.
Kontratu honek CAFek Brasilen garatzen dituen jarduerak indartuko ditu. Izan ere, CAF enpresa 1998. urtetik dago Brasilen presente, eta Brasilgo hainbat bezerorentzako proiektuak garatu ditu. Horien artean, hauek aipatu behar dira: CPTM (Companhia Paulista de Trens Metropolitanos), Porto Alegreko TRENSURB, Belo Horizonte hirirako CBTU edo Sao Pauloko metroa. Horien guztizko balioa 2.000 milioi eurotik gorakoa da.

CAFek Zeelanda Berriko bere jarduerari jarraipena eman dio Aucklanden zerbitzuen kontratu berria eskuratuta
Bestalde, CAFek zerbitzuetako beste kontratu bat hitzartu du Auckland One Rail Limited (AOR) enpresa pribatuarekin (ComfortDelGrok eta UGL Rail Servicesek % 50eko partaidetza dute bertan). Enpresa horrek egiten ditu Auckland Transporten esku dagoen (Zeelanda Berriko luzeena da, gainera) Aucklandeko trenbide-sare elektrikoko operazio- eta mantentzelanak. Sistemak lau linea ditu, 94 km-ko guztizko luzerarekin, eta 42 geltoki ditu. Hala, herrialdeko hiri-mugikortasunerako funtsezko ardatza da.
Kontratuaren irismenak ingeniaritza, prestakuntza eta ordezko piezak hornitzea aurreikusten du, CAFek Auckland Transport enpresari hornitutako 95 unitate elektrikoko flotarentzat, 2011tik egindako zenbait kontraturen bidez. Kontratuak 5 urteko iraupena izango du eta lanak Wirin (Auckland) duen tailerrean egingo dituzte. Hain zuzen ere, tailer hartan egiten dituzte unitate horien mantente-lanak.
Proiektu berriak CAFek Zeelanda Berrian egiten dituen operazioen jarraipena bermatzen du, eta eskualdean garraio jasangarria garatzeko konpromisoa berretsiko du.