Eduki nagusira joan

CAF-ek eta Sporveien-ek Oslorako metro unitateen hornidura handitzea adostu dute

CAFek eta Sporveienek, Osloko udalerriko hiri-garraioaren operadore publikoak, akordioa adostu dute bertako hiri-garraiora bideratuko diren ibilgailuak hornitzeko CAF gaur egun garatzen ari den kontratua handitzeko. Zehazki, akordio berriak Norvegiako hiriburuko metrosarerako beste 24 metro-unitate fabrikatzea aurrez ikusten du, 125 milioi euro inguruko zenbatekoaren truke.

CAF - Design_Metro Oslo 2.bmp

Gogoratu behar da CAFek 2024ko maiatzean eskuratu zuela hasierako kontratua. Kontratu hark 20 metro-tren eta dagozkien ordezko piezen hornidura jasotzen zuen. Gainera, Sporveienek unitate kopurua beste 90 tren arte handitzeko aukera ere jasotzen zuen kontratuak.

Osloko metroa edo T-Bane izenekoa hiriko garraiobide nagusietako bat da. 85 kilometro baino gehiagoko ibilbidea du eta gaur egun 5 linea ditu, seigarren bat gehituko zaio -Fornebubanen linea- eta bere irekiera 2029/2030erako espero da. Sare horretarako, CAFek M4000 unitate berriak, INNEO izeneko metro-plataforman oinarritutako ibilgailu modernoak, garatu ditu. Bi noranzkotako unitateak dira eta bakoitza 3 kotxekoa da. Haietako bakoitzak alde bakoitzean 3 ate bikoitz izango ditu eta, horri esker, modu erraz eta bizkorrean sartu ahal izango da ibilgailuetara eta, horrela, geltoki bakoitzean geldi egoten diren denborak optimizatu ahal izango dira.

Azpimarratzekoa da trenak Norvegiako hiriburuko klima-baldintza gogorretan ibiltzeko diseinatuta egongo direla, elurrari eta muturreko tenperaturei aurre egiteko. Gainera, bogie bakoitzean motorizazioa izango dute, eta horri esker, unitatearen atxikipena eta trakzioa hobetuko dira zerbitzuan dagoenean. Horrez gain, ibilgailu barruko bateriak izango dituzte eta, horien bidez, elikadura-linean ezbeharreko akatsa gertatuz gero, hurrengo geltokira iristeko aukera izango dute edo, dagokionean, katenaria erabili beharrik izan gabe, operadorearen biltegian mugitzekoa. Horrekin guztiarekin lotuta, lehentasun nagusia energia-kontsumo eraginkorra izatea da, ibilgailu jasangarria lortzeko. Azkenik, azpimarratu beharrekoa da ibilgailuak etorkizunean erabat automatizatzeko prestatuta egongo direla, GoA4 mailako gidatze autonomoa ezartzea erabakiko balitz.

CAF - Design_Metro Oslo 1.bmp

Azken urteotan, CAFek garrantzi handiko hainbat kontratu lortu ditu Oslorako, hizpide dugun kontratu honetaz gain. Horien artean, 183 autobus elektriko artikulaturen hornidura eta 87 tranbia fabrikatzeko kontratua nabarmentzen dira. Bi proiektuak dagoeneko entregatu dira, eta unitateak zerbitzuan daude gaur egun. Horrek guztiak berretsi egiten du CAF gaur egungo hirietarako zero emisioko mugikortasun kolektiboko soluzioen eskaintza zabal eta modernoa eskaintzeko hornitzaileetako bat dela.

CAF Tranvía y Solaris Bus Oslo.JPG
.