EuroMaint CAF Taldearen baitako filiala da, eta Eskandinavia eskualdeko trenen mantentzelanetarako zerbitzuak ematen ditu. Oraingoan, epe luzeko trenen mantentze-lanak egiteko kontratuak sinatu ditu Suedian eta Norvegian, eta horien guztizko balioa 300 milioi euro ingurukoa da. Kontratu horiek indartu egiten dute EuroMaintek Eskandinaviako herrialdeetako bidaiarien, merkantzien eta azpiegituren tren-operadoreentzako funtsezko bazkide gisa duen lidergoa. Horrez gain, azpimarratu egiten dute mugikortasun-zerbitzuetan eta garraio-sistema fidagarri eta jasangarrien garapenean erreferentziazko enpresa gisa betetzen duen zeregina.
Kontratu berriek barne hartzen dituzte bidaiarien eskualdeko zerbitzuak, merkantziak garraiatzeko tren-makinak eta azpiegituren mantentze-lanetarako ibilgailuak. Horrek guztiak erakusten ditu EuroMainten gaitasun tekniko handia, esperientzia digital sendoa eta ingeniaritza arloko esperientzia, bai eta lan horiek egin ahal izateko duen tokiko tailerren sare zabala ere. Horrek agerian uzten du trengintza arloko aktiboen bizitza-ziklo osoari euskarria emateko gaitasuna duela, haien erabilgarritasuna, errendimendua eta epe luzerako balioa hobetuz.
Pågatågen: Epe luzera begirako mantentze-lanak Suedia hegoaldeko bidaiarien flotarako
VR Sverige operadorea hautatu du Skånetrafikenek, Suediako Skåne probintziako Garraio Publikoaren Agintaritzak, 2027ko abendutik aurrera Pågatågeneko eskualdeko trenbidezerbitzuen operazio- eta mantentze-lanak egin ditzan. Hori dela eta, VR Sverigerekin sinatutako akordioari esker, EuroMaintek egingo ditu bederatzi urtez eskualdeko X61 modeloko 99 trenek osatutako flotaren mantentze-lanak.
Mantentze-lanen irismena epe luzeko plangintzan, sistemaren fidagarritasunean eta flotaren erabilgarritasunean oinarritzen da, eta operazio sendoak eta errendimendu hobea bermatzen ditu flota heldu ahala. Mantentze-lan gehienak Rauseko biltegian (Helsingborg herrian) egingo dituzte eta horrek EuroMaintek Suediako hegoaldean duen presentzia indartuko du.
Tren-makinen mantentze-lanak egiteko akordioa handitu du Green Cargorekin
Merkantzien segmentuan, Green Cargo operadore logistikoak EuroMainti baieztatu dio urte anitzeko kontratua berritu diola Rc/Rd tren-makinen flota mantentzeko. Hain zuzen ere, Suedian funtzionamenduan dauden tren-makinen flota zabalenaren bihotza osatzen du horrek.
Suediako enpresarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, tren-makinen mantentze-lanak eta horien funtsezko elementuen hornikuntza daude sartuta. EuroMainten mantentze-lanetako biltegien sare nazionala aprobetxatuz (Luleåtik Malmöraino), kontratuari esker honako hauek ahalbidetuko dira: flotaren erabilgarritasun handiagoa, malgutasun operatiboa eta bizitza-zikloaren kostuen optimizazioa. Horiek guztiak lagungarriak izango dira merkantzien tren bidezko garraio eraginkorra eta ingurumena errespetatzen duena lortzeko.
Azpiegituretako mantentze-lanetarako ibilgailuak Norvegian
Amaitzeko, EuroMaintek Norvegian duen presentzia indartu du azpiegituretako lan eta obretarako erabiltzen diren tren-ibilgailuen mantentzea egiteko kontratuarekin. Kontratua Bane NOR enpresarekin (Norvegiako trenbide-azpiegituraren kudeatzaile nazionala) sinatu du eta gutxienez lau urteko iraupena izango du. Horri esker, tren-azpiegitura erresilientea eta segurua izateko funtsezko aktibo kritikoen funtzionamendu segurua, eraginkorra eta fidagarria bermatu ahal izango da.

EuroMaint eta CAFentzako mugarri estrategikoa
Eskandinavia merkatu estrategikoa eta hazten ari den merkatua da CAFentzat. Izan ere, proiektu ugari bideratu ditu orain arte eskualde hartan, besteak beste, Oslo hiria aireportuarekin lotzen duen abiadura handiko linearako unitateak hornitzea, Helsinkiko metroa, eta Stockholm, Oslo eta Lund hirietarako tranbia-flotak. Era berean, aipatu beharrekoak dira beste kontratu batzuk ere, eta horien artean, hauek: gaur egun Suediako Transitio AB eta SJ AB operadoreentzat eskualdeko trenen flota berriak hornitzeko lanak edo Helsinkiko metro-sareko seinaleztapena CBTC sistemarekin modernizatzeko orain gutxi esleitu dioten kontratua.
Horri guztiari, gainera, EuroMainten jarduera gehitu behar zaio: 1.000 langile baino gehiago ditu, liderra da trengintza arloko zerbitzuen sektorean, eta mantentze-kontratuak ditu eskualdeko tren-flota nagusietako batzuentzat. Jarduera horrez gain, gainera, tren-osagaiak hornitzen ditu zenbait operadorerentzat.
Kontratu berrien bidez, Europako iparraldeko herrialdeetan zerbitzu-zorroa handitzen jarraitzen du EuroMaintek, eta funtsezko bideratzaile bihurtu da mugikortasun jasangarriagora zuzendutako egungo eraldaketarekin lotutako planetan. Hain zuzen ere, CAFek modu arrakastatsuan hartu du horietan parte azken urteotan eskualdean garatutako hamaika proiekturen bidez.
.