CAF Taldeak, kasu honetan Solaris autobusen filialaren bidez, beste bi kontratu eskuratu ditu Suediako merkatuan. Oraingo honetan, Nobina eta VR Sverige operadoreekin adostutako bi hitzarmen garrantzitsu dira, guztira 204 autobus elektriko hornitzeko. Bi kontratuen bolumen orokorra 125 milioi eurotik gorakoa da.
Suediako Nobina operadoreak Solarisen 103 autobus elektriko jasoko ditu
Solarisek beste akordio bat sinatu du Suediako Nobina operadorearekin, eta, horren arabera, guztira Solaris Urbino 15 LE modeloko 103 autobus elektriko entregatuko ditu. Zero emisioko ibilgailu berri horiek Stockholmen, Göteborgen eta Skånen egongo dira funtzionamenduan, eta 2027. urtearen erdialdean hasiko dira entregatzen.
Eskandinaviako Nobina garraio publikoko operadoreak Suedian funtzionamenduan duen autobus-flota Solaris ibilgailuekin handituko du beste behin. Oraingo honetan, operadoreak 15 metroko 103 Urbino autobus elektriko enkargatu ditu guztira, eta herrialdeko hainbat eremutan eskainiko dute zerbitzua; zehazki, ibilgailu horietako 50ek Stockholmeko eskualdean eskainiko dute zerbitzua, 49k Skåne eskualdean eta gainerako 4rek Göteborg hiritik gertu.
Urbino 15 LE autobus elektrikoak hiri barruko eta hiri-inguruko garraiorako diseinatuta daude. Ibilgailu bakoitzak ahalmen handiko Solaris High Energy bateria modernoak izango ditu, eta horrek hiriko eremuetatik harago doazen ibilbideetarako behar adinako autonomía bermatzen du.
Solaris modu jarraituan ari da Nobina enpresarekin lankidetzan 2010az geroztik. Izan ere, azken urteotan, Eskandinaviako garraio-operadoreak nabarmen handitu du zero emisioko bere ibilgailuen flota. Hain zuzen ere, 2024tik, Solarisek 201 autobus elektriko entregatu dizkio operadoreari, eta 2026tik 2027ra bitartean, gaur egun indarrean dauden kontratuen bidez, guztira beste 320 ibilgailu elektriko gehiago hornitzea aurrez ikusten da. Horrek guztiak, beste behin, agerian uzten ditu Nobinak autobus-garraio garbiagoa garatzeko dituen asmo handiko planak, bai eta Solarisengan duen konfiantza ere. Hain zuzen ere, Solarisek Suedia osoko hiriguneetan nahiz hiri-inguruetako eremuetan funtzionatzeko gai diren unitate moldakorrak hornituko ditu.

Zero emisioko autobusak VR Sverigerentzat Stockholmerako
Bestalde, Suediako VR Sverige garraio-enpresak ere Solaris autobusak erostea erabaki du. Oraingo honetan, 101 autobus elektriko izango dira, eta 81 autobus elektriko hornitzeko enpresa berarekin orain hilabete batzuk sinatutako beste kontratu baten ondoren iritsi da hitzarmena.
Eskari esanguratsu honek luzera ezberdinetako lau modelo biltzen ditu: Urbino 9 LE modeloko 5 autobus elektriko, trakzio modularra duten Urbino 12 modeloko 47 autobus elektriko, Urbino 15 LE modeloko 22 autobus elektriko eta trakzio modularra duten Urbino 18 modeloko 27 autobus elektriko. Stockholm hirian bidaiarientzako zerbitzua eskainiko dute guztiek.
Ibilgailu bakoitzak propultsio elektrikoko sistema eraginkorra izango du, eta modelo bakoitzera eta zehaztutako ibilbidearen ezaugarrietara egokitutako bateriak izango ditu. Horri esker, ibilgailuak egun osoan autonomia izango du, kargatzeko beharrik gabe. Autobus berriek nabarmen hobetuko dituzte Suediako hiriburuko erabiltzaileen mugikortasuna eta erosotasuna; horretarako, bidaiarientzako informazio-sistema modernoa eta gidatzelanerako asistentziako hainbat soluzio izango dituzte, eta horiek segurtasuna nabarmen handituko du funtzionamenduan.
Solarisek aipatutako operadoreekin (Nobina eta VR Sverige) duen lankidetza urrats garrantzitsua da eskualdean zero emisioa garraioa lortzeko helburuari dagokionez, eta Suediako mugikortasun elektrikoaren segmentuaren dinamismoa erakusten du; hona hemen hori erakusten duen datu bat: 2025ean kontratatutako autobusen % 86 elektrikoak izan ziren. Aldaketa horretan, Solarisek funtsezko zeregina du duela hainbat urtetik. Horren erakusgarri da Solaris ibilgailu elektrikoen kopuru handia; izan ere, Solaris etxeko 600 ibilgailu baino gehiago egongo dira Eskandinaviako herrialde hartako errepideetan zerbitzua ematen kontratu berri hauetan jasotako ibilgailuak entregatzean.

.